XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Noiz ezagutu zenituen euskal literaturako idazle klasikoak?

Berandu, oso berandu. Erbestean nengoela.

Euskaldunok ez dugu literatur tradizio aberatsa, baina duguna izkutatu, baztertu egin zaigu.

Niri eskolan ez zidaten sekula euskal idazleei buruz hitz egin.

Literatur erreferentziarik ez nuen euskarazko lehenengo ipuinak idatzi nituenean.

Gogoan dut Agirre lehendakaria Caracasera etorri zenetako batean aipatu niola Txomin Agirreren Garoa irakurri nuela, pentsatuz hori zela idatzi zuen guztia.

Eta erantzun zidan: Baina ez zaitez ahaztu Kresala irakurtzen.

Orduan izan nuen Kresala-ren berri!

- Caracas-en hasten zara sistematikoki irakurtzen. Zernolakoa zen Aranoren gidaritza?

Oso ona. Honek hitz egin zidan egile espainoletaz, bizpahiru aldiz aipatu ditudanak.

Argitu zizkidan bideak, zergatiak.

Madrilgo Eskola Laikoko irakasle zela esan dut, prof. Luzuriaga eta bestekin.

Ikusten duzun bezala, Madrilen euskaldunak Jainko gabe erakusten!

Garai hartan erosi nuen Aguilar-ek egin zuen serie osoa, lan osoak alegia.

Begiratzen dut orain, eta 1948koa da edizioa, justu.

Bada, Arano izan zen niri literaturaz hitz egin zidan lehen irakaslea.

Gero ibili nintzen New York-eko New School-en sistematikoki klaseetan.

Amerikanoak hemendik aurrera irakurri nituen.

Liburuei begira bere etxeko liburutegian, Hondarribian. (1997).

- Zer literatura-mota irakurri duzu gehien? Zein genero?

Kontalariak, batez ere venezuelarrak eta latinamerikarrak, hau bertoko giroak eraginda.

Eleberriak ere bai, Rómulo Gallegos, Uslar Pietri, eta latinamerikarrak, batez ere nire maisu den Horacio Quiroga eta beste, batez ere, bai eleberrian, bai ipuinean, maisu berria izan den Gabriel García Márquez.

Nik hau Caracasen ezagutu nuen kazetari bezala aritu zenean, kazetari petoa zela.

- Irakurgaiak aukeratzean zeri begiratu diozu gehiago, estetikari ala tematikari?

Biei, zeren bila zoazen da kontua.

Formari dagokionez, ipuina eta eleberria ezberdinak dira pentsatzeko moduan, eraikeran, eraiketan, teknikari dagokio interesa; hizkuntzari dagokionez, berriz, berdinak dira (...)